Maite Artajo (Iruñea, 1988), M van Koekje izenaz ezagunagoa, argazkilaria eta diseinatzaile grafikoa da. Moldaketa digitalak eta perfektutasuna alde batera utzi nahian, argazkilaritza analogikoarekin egiten du lan, bigarren eskuko kamera eta pelikula zaharrak erabiliz. Bere lehen proiektu analogikoa irudiz osatutako eguneroko bat izan zen, Amsterdam, Berlin, New York eta Iruñean egindako argazkiak biltzen zituena. Denbora pasa ahala, bere interesa emakumearen errepresentazioan zentratu zen. 2016. urtean Girls by Girl proiektua aurkeztu zuen, 20 emakume ezberdinen erretratuak biltzen zituen erakusketa. Bere azken lanean, Rara, emakumeen irudiak aurkitzen ditugu berriro, arrarotasuna eta aniztasunari buruzko hausnarketa batekin batera. Rara Mutiloako Kultur Etxean aurkeztu zen lehengoz 2018ko urrian, eta geroztik Iruñeako La Vieja Escuela eta Gaztediaren Etxean ikusgai egon da.

Nola hasi zinen argazkilaritzaren munduan? Zergatik aukeratu zenuen argazkilaritza analogikoa?

Orain dela 13-14 urte nire lehengo kamera erosi nuen. Lehen-lehena berez digitala izan zen, baina urte horretan kamera lomografiko bat erosi nuen ere, Lomography SuperSampler 4-Lens Panorama. Lehen argazki analogikoak 4 zatitan banatzen ziren, kamera lomografikoak efektu hori sortzen zuelako. Laster konturatu nintzen argazkilaritza analogikoaren bitartez testura eta kolore interesgarriagoak lortu ahal nituzkeela.

Orain formatu erdiko Pentax 67 kamerarekin eta 35mm-ko Pentax Mz50 eta Canon AE1-arekin lan egiten dut.

ARGAZKI_1_2

Argazkilaritza digitalaren moldaketak eta perfektutasuna zure sormen lanetik kanpo geratzen direla diozu. Hala ere, zure obraren ezaugarri nabarmenetako bat argi artifizialaren erabilera dela esango nuke. Askotan modeloen gorputzak margotzen dituzula dirudi, espazioak zure begirada eta kolore propioetara egokituz. Nondik dator gauzak eraldatzeko behar hori? Zergatik dira hain garrantzitsuak koloreak?

Argi artifiziala erabiltzen dut, bai. Niretzat argiaren bidez espazio berezi bat sortzea argazkiak egiteko ezinbestekoa da. Asko gustuko dudan parte bat da, argia fisikoki lantzea oso garrantzitsua da errealitatea aldatzeko, baina hori moldaketa digitalaren prozesutik oso urrun dago. Gainera bilatzen ditudan koloreak lortzeko prozesu hori ezinbestekoa da.

Serie batzuetan teknika esperimentalak erabiltzen dituzu. Besteak beste, esposizio bikoitza eta pelikula iraungiekin lan egin duzu. Perfektutasunarekin apurtzeko teknikak dira? Zer erlazio dago esperimentazioa eta argazkilaritza analogikoaren artean?

Niretzat eguneroko lanarekin apurtzen duen terapia bat da. Argazkilaritza analogikoaren berezitasuna ukitu ahal dituzun gauzekin lan egiteko aukera ematen dizula da, bereziki nire kasuan, diseinatzaile grafikoa naizelako eta egunero egiten dudalako lan ordenagailuarekin. Horrek berez perfektutasunarekin apurtzen duela iruditzen zait, eskuz egiten diren prozesuak inperfektuak direlako, gizakiok sortzen dugun guztia bezala, eta niretzat akatsek egiten gaituzte pertsona.

Esposizio bikoitza asko gustatzen zait, baita pelikulak fisikoki eraldatzea ere. Teknika horiek argazkilariari askatasuna ematen diotela iruditzen zait. Uda honetan, adibidez, Islandian egon nintzen eta lixiban murgildutako bi karrete erabili nituen nire bidaiaren argazkiak egiteko.

ARGAZKI2_2

Zure argazkiak begiratzen ditudanean pelikula batetik ateratako irudiak ikusten ari ditudala iruditzen zait, argazki serie bakoitzak istorio bat kontatuko balu bezala. Zinemak zure lanean eragina izan duela uste duzu? Argazkilaritza istorioak kontatzeko erabili daiteke?

Pertsona askok gauza bera erran didate. Ez dut inoiz nire lana zinemarekin erlazionatu, baina nire lan egiteko moduak askotan zineman erabiltzen diren teknikekin erlazioa izan dezakeela uste dut, bereziki argiaren erabilerari dagokionez.

Noski baietz, irudi batek milaka gauza ezberdin konta ditzake. Askotan beste pertsona batek nire argazkiak ikusterakoan bururatzen zaiona kontatzen didanean harrituta geratzen naiz, bakoitzak bere irudimenarekin ikusten duelako, eta hori guztiz subjektiboa da.

Urteak eman zenituen irudiz osatutako eguneroko batean lan egiten, zure bizitzako momentu bereziak web-orrialde batean biltzen. Bertan denetik aurkitu daiteke: bidaietan egindako argazkiak, lagunekin partekatutako momentuak, kontzertuak, ilunabarrak, erretratuak… Nolakoa izan zen prozesu hori? Kamera egunero soinean eramaten zenuen?

Uste dut nire bizitza azaltzeko modu bat zela. 5-6 urte pasa nituen egunerokoa egiten. Nire bizitzako momentu garrantzitsu bat izan zen, leku ezberdinetan bizi nintzelako, eta beste herrialde batean nengoenean, argazkiak ateratzeko momentua nirea bakarrik zela sentitzen nuen. Besteengandik banantzen ninduela uste dut, nire “txoko berezian” nengoela zirudien argazkiak egiten nituenean.

Eta bai, egunero kamera soinean eramaten nuen. Batzuetan, etxean uzten nuenean eta argazkiak egiteko aukera galtzen nuenean, oso gaizki sentitzen nintzen. Uste dut horregatik utzi niola egunerokoa egiteari.

ARGAZKI3_3

2016an Girls by Girl erakusketa Iruñeako AFCN Galerian aurkeztu zenuen. Izenak dioen bezala, erakusketak hainbat emakumeri egindako 20 erretratu biltzen zituen. Proiektuaren deskribapenean argazkilaritzak emakumeen artean sortu dezakeen ahizpatasun sentimendua azpimarratu nahi zenuela esaten duzu. Argazkilaritza praktika feminista bat izan daitekeela uste duzu?

Nire egunerokoa aztertzerakoan, bereziki azken urteetan, emakumeak argazkietan behin eta berriz ateratzen zirela konturatu nintzen, eta egunerokoaren parte horri garrantzia eman nahi nion.  Ez dut uste argazkilaritza berez praktika feminista bat denik, baina badakit nik emakume bezala ez dudala emakumea gizon batek ikusten duen bezala ikusten. Erretratuak egiten ditudanean ahizpatasun sentimendu bat sortzen dela uste dut eta hori niretzat ezinbestekoa da zerbait sortzen dudanean.

Emakumearen irudiaren esplotazioa eta objektizazioa ere aipatzen dituzu. Tradizio patriarkalean emakumeok modeloaren objektu-rola bete behar izan dugu, gizonezko argazkilari baten begiradaren menpe. Emakume argazkilariaren begirada ezberdina dela uste duzu? Zergatik?

Bai. Beste galderan erantzun dudana da. Sormen proiektu bat egitea gauza oso subjektiboa da, horregatik begirada guztiak ezberdinak dira argazkilaritzan. Baina beste emakume argazkilarien lanak ikusten ditudanean, emakumeak agertzen direnean modu oso ezberdinez lan egiten dutela iruditzen zait. Askotan froga egiten dut, eta nire buruari erraten diot “hau emakume batek egin du”, eta beti asmatzen dut.

ARGAZKI_GIRL4

2018ko urrian zure azken proiektua aurkeztu zenuen, Rara izeneko argazki erakusketa. Bertan emakumeen erretratuak aurkitzen ditugu berriro, arrarotasunari buruzko elkarrizketa batzuekin batera. Argazkiak egiterako orduan, modeloei noizbait arraro sentitu ote diren galdetu zenien, eta sentimendu horrek gizartearen aurreiritzi eta arauekin zerikusia izan dezakeen. Zergatik aukeratu zenuen arrarotasunaren kontzeptua? Zein da elkarrizketa horietatik eta erakusketatik atera dezakegun ondorioa?

Proiektu oso pertsonala da niretzat. “Arraro” hitza beti nire inguruan egon da: beste pertsona batzuek arraroa naizela esan didate bizitzan zehar, batzuetan nire izaera ezberdina zelako, gustuko dudan musikarengatik, nire fisikoarengatik… eta barnean dudan sentimendu bat da. Beste emakumeei galderak eginez, erantzunak irakurtzen nituenean, ahizpatasun sentimendu bat sortzen zela nabaritu nuen, eta nire galderen erantzunak aurkitu nituen.

Erakusketak emakumeen aniztasuna ere azpimarratu nahi du. Argazkietan azaltzen diren emakumeek gorputz eta estilo oso ezberdinak dituzte, eta bakoitzak arraro sentitzeko arrazoi ezberdinak ditu. Hala ere, gehienek gizartearengatik epaituta sentitzen direla esaten dute. Emakume bakarraren eredu homogeneoarekin bat egiten ez baduzu errudun sentitzera behartuta zaudela dirudi. Argazkilaritzak eredu horrekin apurtzen lagundu gaitzake? Zergatik uste duzu garrantzitsua dela emakumeon aniztasuna azpimarratzea?

Argazkilaritza errealitatearen ispilua da, eta niretzat denbora makina batek bezala funtzionatzen du, horregatik iruditzen zait garrantzitsua emakumeen erretratuak egitea.

Proiektu honetan, nire begiradaren bitartez emakumeak diren bezala erretratatzea bilatzen dut, argazkien bidez haien begirada denbora makinan sartuz. Beste emakumeen bizipenek nire galderei erantzunak eman dizkiete eta hori bera oso esperientzia aberasgarria izan da.

Emakumeen aniztasuna azpimarratzea oso garrantzitsua iruditzen zait, bereziki “arraro” hitzetik urrun sentitzeko. Pertsona guztiak ezberdinak gara, bai, ez bakarrik fisikoki; izaera ezberdinak ditugu ere, eta emakumeen irudia eta ahotsa nabarmentzea ezinbestekoa da molde guzti horiek apurtzeko.

Rara Iruñeako Gaztediaren Etxean ikusgai egon zen azken aldiz. Erakusketa berriro bisitatzeko aukera izango dugu? Baduzu beste proiekturik esku artean?

Rara hiru lekutan egon da ikusgai: lehenik, Mutiloako Kultur Etxean, gero Iruñeako La Vieja Escuela-n eta, azkenik, Gaztediaren Etxean, eta oraingoz horrekin nahikoa dudala uste dut. Gainera proiektu berriak egitea gogoko dut, eta momentu honetan beste proiektu audiobisual batean lan egiten nabil. Orain dela urtebete hasi nintzen horrekin eta oraintxe bertan indar guztiak behar ditut lan hori amaitzeko.

Azkenik, gustuko duzun argazkilari baten lana gomendatuko zeniguke?

Bai. Jheyda McGarrell, Petra Collins, Gregory Crewdson, Ashley Armitage, Jeff Wall

AUTORETRATO

ARGAZKI2_1

ARGAZKI2

ARGAZKI_1_BESTEAK3

ARGAZKI3_5

ARGAZKI_1_14

PORATADA2.jpg

PORATADA1

http://mvankoekje.com/

https://www.instagram.com/mvankoekje/

Escrito por Iosune de Goñi

Iosune de Goñi (Burlata, 1993) es escritora y fotógrafa. Tras finalizar sus estudios en Filosofía, realizó un Máster en Estudios Comparativos de Literatura, Arte y Pensamiento. Actualmente es estudiante de doctorado en la UNED, donde realiza su tesis en Género y Literatura. Sus textos han sido publicados en diversas revistas y fanzines, así como en las antologías Los muchachos ebrios. Antología de poesía jovencísima transoceánica (La Tribu, 2016), Hatsaren Poesia Olerki Bilduma (Hatsa Elkartea, 2017-2018) y La desconocida que soy. Vol. II (Índigo, 2018). Escribe en euskera y en castellano y es editora de Liberoamérica en Euskal Herria. Como fotógrafa ha realizado exposiciones en diversas partes de Euskal Herria y en Edmonton, Canadá. Sus fotografías han aparecido en medios como godArt Lab y en las revistas Aldiri, Lomography y Alter/Analog.